Artxipielagoa Gabonetan, Barakaldon

Bertsolaritza, kantua, musika eta proiekzioak nahasten dira ‘Artxipielagoak’ ikuskizunean, eta bertan hartzen du parte, besteak beste, Garikoitz Mendizabal txistulariak. Abenduaren 27an Barakaldon ikusi ahal izango da emanaldia. Sarrerak salgai daude www.teatrobarakaldo.com webgunean.

Uhartez uharte, nork bere arte espresioa plazaratu, eta Artxipielagoaemanaldia sortu dute Ainhoa Garmendia sopranoak, Andoni Egaña bertsolariak, Pello Ramírez txelo eta eskusoinu jotzaileak, Garikoitz Mendizabal txistulariak, Germán Ormazabal pianoa jotzaileak eta Belén Ibarrola artistak. Bertan, ikus-entzuleari ere protagonismoa ematen zaio, lehengo eta gaur egungo euskal abesti klasikoak eta modernoak uztartzen baitira, publikoak ere kantuan parte hartu dezan.

Hainbat emanaldi eskaini dituzte dagoeneko, eta datorren astean izango da aukera berriro ikusteko. Abenduaren 27an, Barakaldoko Antzokian ariko dira, 20:00etan.

Emanaldian zehar, Andoni Egaña bertsolariak esatari lanak egingo ditu, hainbat hausnarketa eta gogoeta plazaratzeaz gain. Lan horretan lagunduko diote musikarekin, Garikoitz Mendizabalek berak txistuarekin, eta Ramirez, Garmendia eta Ormazabalek, txelo eta eskusoinuarekin, kantuan edota pianoan. Guztiari kolorea ematen ariko da Ibarrola arte zuzendaria, irudi eta bideoen proiekzioekin. Xabier Otaolea arduratu da kantuen moldaketaz. Emanaldiak ordu eta erdiko iraupena du.