Txistua eta abesbatzak, Eguberri kantari

Abenduaren erdialdera iritsita, Eguberri giroko kantuak hasi dira nagusitzen. Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak ere, hiru emanaldi prestatu ditu, Gabon girokoak: abenduaren 15ean Donezteben ariko da bertako musikari eta abeslariekin; abenduaren 17an, Eguberri giroko doinuak izango dira nagusi iganderoko ohiko diana eta kontzertuan; eta abenduaren 22an, Mariaren Bihotza abesbatzarekin emango du kontzertua.

Eguberriak gerturatzen ari direla-eta, Gabonetako doinuak nagusituko dira datozen egunetan. Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak ere, giroan murgilduta, Eguberri doinuak nagusi izango dituzten hiru emanaldi prestatu ditu.

Horietan aurrenekoa, abenduaren 15ean Donezteben emango du. San Pedro elizan izango da, 20:00etan hasita, eta Doneztebeko Mendi eta Mendi Ttiki abesbatzak eta Agorreta Musika Eskolako ikasleak izango ditu lagun. Jon Irazoki, Txistulari Taldeko kidea ariko da Mendi abesbatza zuzentzen; Ruth Etxebestek eta Itziar Irigoienek, berriz, Mendi Ttiki abesbatzaren batuta eramango dute; Marta Uruñuelak gidatuko ditu Agorreta Musika Eskolako ikasleak; eta Jose Ignazio Ansorenak, Donostiako Udalaren Txistulari Taldea. Txistulariek emango diote hasiera emanaldiari, eta Doneztebeko musikariek segiko dute gero. Elkarrekin jotako hainbat piezarekin bukatuko dute. Programa ikusteko, egin klik hemen.

Hurrengo emanaldia, berriz, Donostian bertan izango da, ohi bezala, igandearekin; abenduaren 17ko diana Eguberritako doinuak joz egingo du taldeak, 09:00etan abiatuta, eta 12:15etan hasita Konstituzio Plazan emango duen kontzertuan ere, Eguberri doinuak izango dira nagusi. Programa ikusteko, egin klik hemen.

Azkenik, abenduaren 22an, Mariaren Bihotza Abesbatzarekin egingo du bat Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak, Gabonetako doinuekin osatutako kontzertu berezia emateko; iluntzeko 20:00etan izango da, Mariaren Bihotza elizan. Kontzertu honetan, bi obra emango dituzte estrainekoz: Luis Elizalderen Passacaglia eta Fuga, txistulari talderako (Euskal Herriko Txistulari Elkarteak antolatutako Txistu Bandarako I. Konposizio Lehiaketan hirugarren saritua), eta egile beraren Maite nauzula diozu, txistulari talde eta abesbatzerako. Bestelako kantu gehiago ere interpretatuko dituzte, programan ikusi daitekeen bezala.

Emanaldi guztiak debaldekoak izango dira.