Dagoeneko inprentan dago Txistulari aldizkariaren 250. alea. 2017ko apirila, maiatza eta ekaina biltzen ditu edizio honek, eta, besteak beste, Muxikoak edo Jauziak argitaratu dira bertan.

Azkenean iritsi da Txistulari aldizkariaren 250. alea ere. Dagoeneko inprentan dago, eta datozen egunetan hasiko da Euskal Herriko Txistulari Elkarteko bazkideen buzoietara iristen. Oraindik bazkide ez bazara, eta aldizkaria jaso nahi bazenu, laster izango duzu harpidetzeko aukera webgune berrituan, baina bitartean, kudeaketa@txistulari.eus helbide elektronikora idatzi dezakezu.

Aldizkariaren edizio honetan, besteak beste, Muxikoak edo Jauziak jaso dira partituretan: Agur, Bettiri; Ahuntxa; Ainhoarrak; Antxoriz; Añuar ttipiak; Axuri Beltza; Azkaindarrak; Buhameak; Grabo; Hegi; Katalina; Laburrak; Lakartarrak; Lapurtar motxak; Marianak; Ostalerrak; Teilagorri;  eta Zuberoako branlea.

Horrez gain, Iparraldean txistua nondik-nora dabilen ere ezagutzeko aukera izan dugu, Uztaritzeko txistularien, Yves Panizzoliren, Thierry Truffauten edota Jean Michael Barbaceren eskutik, eta bestelako hainbat berri ere jaso dira, Biarritzeko batzarra eta Urtizberea jaunari emandako dominaren inguruko kronikak, esaterako.

Guztia, esan bezala, laster jaso ahal izango dugu etxean. Horrez gain, berritzen ari garen webgune honetako bazkideentzako gune pribatua ere, laster izango da martxan, eta bertan, laster izango dira eskura, aldizkari guztiak, pdf-an, eta baita partiturak ere. Azaldu bezala, oraindik atal hau ez dago erabilgarri, baina prest dagoenean helbide elektronikora bidaliko zaio bazkide bakoitzari webgune berriko erabiltzaile izena eta pasahitza.

Bitartean, gozatu esku artean izango duzuen Txistulari aldizkariaren 250. alea.