Bilboko Itsasadarreko Txistularien omenezko Plaka, El Perro kaleko biltoki historikoan

Sandalio Tejada Sarabia Venezuelan, Euskal Herriko Txistulari Elkarteak egin zion omenaldian. Erreferentzia: Egun on, 11 znbk., 1977.

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak 90 urte bete ditu aurten, eta ospakizun hauetan murgilduta, Elkartearen sorrera sustatu zuen txistulari taldeari omenaldia egingo dio, oroigarritarako plaka jarriz, taldea biltzen zen lekuan; Bilboko El Perro kaleko 2 eta 4 zenbakien artean jarriko da plaka, abenduaren 4an 12:00etan Bilboko Udalaren kolaborazioarekin antolatutako ekitaldian. Egun batzuk lehenago, abenduaren 1ean, Deustuko Unibertsitatean txistuari emango zaio protagonismoa.

Datorren abenduaren 4an, astelehena, oroigarritarako plaka jarriko du Euskal Herriko Txistulari Elkarteak Bilboko El Perro kaleko 2 eta 4 zenbakien artean, elkartearen sorrera sustatu zuen Bilboko Itsasadarreko Txistulariak omentzeko. Izan ere, leku horretan zegoen El Perro taberna-jatetxean biltzen zen talde hau.

Ekitaldia, eguerdiko 12:00etan egingo da, eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteko zuzendaritzaz gain, bertan hartuko du parte Bilboko Alkatetzak, eta nola ez, Bilboko Udal Txistulari Bandak.

Bestalde, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen 90. urteurrenaren aitzakian, eta abenduaren 3a Euskararen Eguna dela kontuan hartuta, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak txistuaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu abenduaren 1erako. Izan ere, euskal kultura herrikoian, elementu garrantzitsua da txistua, eta era berean, interes ikaragarria duen elementua da, ikuspegi musikologikotik, soziologikotik, etnografikotik edo historikotik begiratuta. Azken batean, txistua aztertzeak ahalbidetzen du ikusten, historian zehar, nolakoak garen, nolakoak garela uste dugun eta nolakoak izan nahi genukeen.

Abenduaren 1eko ekitaldi hauek 12:00etan hasiko dira Deustuko Unibertsitateko Garate aretoan, Sabin Bikandi musikologian doktoreak eta Bilboko Udal Txistulari Bandako kideak emango duen hitzaldiarekin. Hitzaldian zehar, Bilboko Udal Txistulari Bandak ere hartuko du parte, hainbat adibide musikal eskainiz. Ondoren, 12:30ak aldera emanaldi txiki bat egingo du Klaustroan, luntxak iraun bitartean. Bukatzeko, 13:00ak aldera erromeria txiki bat egingo da.

Ekitaldi guztiak publikoari irekiak izango dira.

Bilboko Itsasadarreko Txistulariak, eta Euskal Herriko Txistulari Elkartearen sorrera

Bilboko Itsasadarreko Txistulariak izena hartu zuten 1926an bildu ziren txistulariek. Euskal Herri osoko txistulariak elkartu eta musika-tresna hau sustatzeko elkarte bat sortu nahi izan zuten, eta baita sortu ere; 1927ko irailaren 20an Arraten (Eibar) egin zen aurten 90 urte bete dituen Euskal Herriko Txistulari Elkartea sortzeko batzarra.

Batzar hori prestatzeko, baina, lan dezente egin zuen aipatutako taldeak, lehenago, non eta El Perro kaleko El Perro taberna-jatetxean.

Hain zuzen, 1926an Sandalio Tejada bizkaitarrak (1893-1971), abokatua eta euskal kulturaren sustatzaile sutsu, txistu ikasketak jasotzen zituen Mungian Eleuterio Lekueren, orduko udal txistulariaren eskutik. Elkarren arteko elkarrizketak piztu zion Tejadari Txistulari Elkarte bat sortzeko ideia, instrumentu honetarako egokia izango zen errepertorioa argitaratuko zuen boletin bat sortzeko helburuarekin.

Proiektua martxan jartzeko, Sandalio Tejada harremanetan jarri zen Manolo Landaluce, Bilboko Udal Txistulari nagusi zen urduñarrarekin; eta Martin Elola, Begoñako udal txistulariarekin. Bi musikari hauek Herrialde osoko danbolinteroen zerrenda eman zioten, eta Tejada karta bidez jarri zen harremanetan, haiekin. Horrela jarri zuten martxan Bilboko itsasadarreko txistulariak (Txistularis de la ría de Bilbao) taldea. Honakoek osatzen zuten, Landaluce eta Elolaz gain: Joaquin Landaluce, Manoloren anaia eta Bilboko bigarren Udal Txistularia; Luis Lopez de Bergara, Portugaleteko aurreneko Udal Txistularia; Mateo Atxurra, Alkortako (Getxo) aurreneko Udal Txistularia; Segundo Atxurra, Mateoren anaia eta Alkortako bigarren Udal Txistularia; Benito Albeniz, Las Arenaseko (Getxo) aurreneko txistularia; Daniel Albeniz, Benitoren anaia eta Las Arenaseko (Getxo) bigarren txistularia; Demetrio Garaizabal, Sestaoko aurreneko Udal Txistularia; eta besteren bat (datuak galdu dira).

Gainera, Manolo Landaluce harremanetan jarri zen Eduardo Gorosarri, Begoñako apaiz eta organo-jolearekin, eta hau lege kontuez arduratu zen, okasiorako hainbat partitura konposatzeaz gain, eta horrela, Elkarteko lehendakari izendatuko zuten.

Guztia prestatzeko Bilboko itsasadarreko txistulariak (Txistularis de la ría de Bilbao) astero biltzen hasi ziren, Bilboko El Perro tabernak zuen lokal berezi batean. Han, Tejadarekin batean, behar ziren ekintzak prestatu eta burutu zituzten.