Txistua ere kalean, Musikaleanekin bat Santa Zezilia ospatzen

Pasaia Musikal eskolako txistulariak. Argazkia: Diario Vasco.

Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak ‘Musikalean’ egitasmoa jarri du martxan aurten hamargarrenez, Santa Zezilia egunaren bueltan. Azaroaren 20tik 26ra kaleak musikaz blaituko dituzte ikasleek, eta tartean, nola ez, txistulariek.

Santa Zezilia, musikarien eguna izango da azaroaren 22an, eta horren bueltan, makina bat kontzertu ematen ari dira azken egunetan txoko, maila eta adin guztietako musikariak.

Hain zuzen, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak ere, ‘Musikalean‘ egitasmoa jarri du martxan, ikasleak kalera atera eta inguruak musikarekin alai ditzaten, Santa Zeziliaren omenez. Horrela, azaroaren 20tik 26ra bitartean, hainbat musikari entzuteko aukera izango da kalean, eta tartean ez da, noski, txisularirik faltako.

Hernanin (Gipuzkoa), adibidez, azaroaren 21ean, 17:30etan aterako dira musikari gazteak kalera, eta 22an, Santa Zezilia egunean bertan, kontzertua emango dute Sandiusterri aretoan, 18:30etan. Trintxerpen, berriz, azaroaren 23an kalejira propioa egingo dute Pasaia Musikal Udal Musika Eskola Publikoko txistulariek, 18:30etan abiatuta.

Bizkaiara salto eginez gero, azaroaren 23an baita ere, txistulariak kalejiran aterako dira Bilbon, 18:00etan Plaza Barriatik abiatuta. Azaroaren 25ean, berriz, Santa Zeziliako Txistularien Topaketa izango da 19:00etan, Ondarroako Santa Maria elizan.

Seguru txistulari gehiagok ere egingo dutela saio gehiago datozen egunetan. Horien berri zabaldu nahi izanez gero, idatzi komunikazioa@txistulari.eus helbide elektronikora.